Sexu Aniztasuna

http://www.hikhasi.com/artikulua/1408

Artikulo oso interesgarria gomendatzen dizuet.

Seme-alaben afektibitate eta sexu aniztasunaren heziketaren gaineko hausnarketa egiten badugu, ondorio garbi batera heltzen gara, ez direla haurtzarotik aukerak mugatu behar, sexu aniztasuna landu behar dela.
Gaur egun, oraindik, irudikapen heterosexualean hezten ari gara umeak, erabiltzen diren materiala, ipuinak, marrazkiak eta hizkuntza bera ere, heterosexistak dira. Beharrezkoa da haurrak sexu aniztasunean heztea, lehen eta bigarren mailako sexualitaterik ez dagoela erakutsiz.
Denbora luzez pentsatu izan da haurrek ez dutela sexualitaterik baina egun badakigu ez dela horrela, gure sexualitate prozesua jaiotzatik heriotzaraino doa. Haurrari jaio orduko sexua esleitzen zaio eta familiak ezberdin ikusiko du umea, neska edo mutila bada. Momentu horretatik aurrera heterosexualitate prozesuaren irudikapena martxan jartzen da.

Haurrak ez ditu horrenbeste ezberdintzen, sexuala eta ez sexuala. Beraien sexualitatea urrun dago sexualitatearen ikuspegi genitalizatutik eta ugalketarako sexualitatearen ikuspuntutik, umeentzat dimentsio sexuala, afektiboa eta soziala oso lotuak daude. Beraz, sekula ez epaitu helduen ikuspuntutik haurrek egiten dutena, une horretan erantzun bat ematen ari bagatzaizkio haurren sexu hezkuntzari.
Haurrak plazerra eta lotura afektiboa izateko behar handia sentitzen du eta ukimenak, giza-aurpegiak, ahotsak… erakartzen dute. Sexu heziketa, atxikimendu harremana duten pertsonekin hasten da. Gertuko pertsonekin ikasten da modu intimoan komunikatzen: laztanak, hitz goxoak, besarkadak… Hor ikasten du umeak maitatua izateko eskubidea duela.Haurren sexualitate prozesua aurrera doan heinean, helduek transmititutakoa prozesu horretan islatzen da, eta bi urterako jada neska edo mutil sentitzen dira. Baina sentimendu hori ez dute beraien hormonek sortu bakarrik, euren itxurak eta bizi izan duten sozializazio prozesu labur horretan ikusitakoak eragin zuzena baitu.

Anuncios